sábado, 27 de noviembre de 2010

"The Kid Stays in the Picture"


IZENBURUA: El chico que conquistó Hollywood
JATORRIZKO IZENBURUA: The Kid Stays in the Picture
HERRIALDEA: Amerikako Estatu Batuak
GENEROA: Biografia
ZUZENDARIA: Brett Morgen eta Nanette Burstein
EKOIZLEAK: Graydon Carter, Brett Morgen eta Nanette Burstein
EKOIZTETXEA: USA Films
GIDOILARIAK: Brett Morgen eta Robert Evans
IRAUPENA: 93 minutu
URTEA: 2002



THE KID STAYS IN THE PICTURE

“The Kid Stays in the picture” Robert Evans ekoizle estatubatuarraren biografia­­­­ azaltzen duen dokumentala da. Kontatzen den istorio osoa Evans berak idatzitako autobiografia dauka oinarri, protagonista bera gidoilaria delarik.

Robert Evans Hollywood-eko industriara iritsi zenean hasten da istorioa, edo kasu honetan “historia”. Aktore bezala hasi zen eta pixkanaka antzezpena bere negozioa ez zela ikusita ekoizpenean sartu zen, Love Story, Chinatown edo The Godfather bezalako film arrakastatsuak aurrera eraman zituelarik.

Baina Evans-en bizitza ez zen dena arrakasta eta ospea izan, Hollywood-eko pertsonai asko bezala, industriak bere “alde ilunera” erakarri zuelako, droga, sexu eta bestelako istiluetara eramanez. Horregatik, dokumental honek Robert Evans-en gailurra eta gainbehera azaltzen ditu.

Evans-en bizitzan oinarrituz, dokumental hau oso baliagarria da 60 eta 70 hamarkadetako zinemagintzaren industriaren funtzionamendua gertuagotik ikusteko. Gauzak horrela, film hau garai horretako zinemagintza ulertzeko aitzaki bezala hartu daiteke eta honekin ondorio bat planteatu: zinearen industria negozio hutsa da eta arrakasta lortzen den bezala galdu daiteke.

Ondorio hori Evans-en bizitzan haragitzen da, muturreko estereotipo bat bezala agertzen delarik, izan ere, protagonistari gertatu litzaiokeen gauza guztiak gertatu zitzaizkion. Gertakari hauek gainera bere lan jardunean eragin zuzena izan zuten, zinemagintzaren
desegonkortasuna argi utziz. Evans kasu bezala hartzen da, baina egoera hau industriako beste edozeini aplikagarria litzateke.

TESTUINGURUA

“The Kid Stays In The Picture” zine independentearen barruan kokatu beharra dago, eta bera bezalako beste dokumental beste batzuen antzera Sundance zine festibalaren barruan kokatzen da. Kasu honetan, 2002 urteko edizioan parte hartu zuen lan honek; bertan proiektatu zen lehengo aldiz eta ez zuen saririk irabazi. Jaialdi honetan kokatzeak, lan hau zine independetearen esparruren barruan kokatuta dagoela berresten du.

Bere zuzendaria den Nanette Burstein dokumental independentean aritu da batez ere, eta bere lanen artean Sundance-en ere parte hartu duten On the Ropes (1999) eta American Teen (2008) daude. On the Ropes lanarekin hainbat sari irabazi zituen, hauen artean 1999ko Sundance-eko Epaimailaren Sari Berezia dokumentalaren kategorian.

Ekoizpen independentearen esparruan bere urte berean ekoiztutako beste dokumentalekin alderatzeko estreinatu zen urtean Sundance-eko sarituak ikuskatu ahal ditugu. Aipatutako saridun dokumental horiek honakoak dira:

  • AMANDLA! A revolution in four part harmony: Lee Hirsch zuzendariak, AEB eta Hego Afrika arteko lankidetzan garatutako dokumental honetan Hego Afrikako askatasunaren aldeko borrokari dagokion musikaz jarduten da.
  • SISTER HELEN: Rebecca Cammisa eta Rob Fruchtman-ek AEBtako ekoizpen hau zuzentzen dute guztia galdu zuen eta moja egin zen emakume baten istorioa kontatzen dute .
  • DAUGHTER FROM DANANG: AEBtar aita eta Vietnamitar ama daukan emakume baten historia kontatzen dute Gail Dolgin eta Vicente Franco-k Estatu Batuar ekoizpen honetan.
  • SENORITA EXTRAVIADA: Mexiko eta AEBtako lankidetza lan hau ikerketa eta kexa sozialaren erdibidean aurkitzen da. Lourdes Portillo-k enpresa baten eta emakume hilketa batzuen ustezko erlazioa aztertzen du .
  • HOW TO DRAW A BUNNY: Dokumental biografiko honetan John Walter-ek Ray Johnson artistaren bizitza eta karrera aztertzen ditu. Ekoizpena AEBtarra da.
Aurreko bost adibideak ikusiz gero, The Kid Stays in the Picture bezalako beste lan biografiko bat aurkitzen dugu. Horretaz gain, kritika soziala eta gizartearen behe mailako gaiak nagusitzen dira. Ondorio bezala esan daiteke, dokumental hauek agenda setting-etik kanpo geratzen diren gaiak lantzen dituztela, aztertzen ari garen dokumentala barne, izatez Hollywood-eko izar estereotipoaren kontra doan pertsona baten bizitza aztertzen delako.

ARLO TEKNIKOA

Pelikula hau teknikoki oso erakargarria dela deritzat honetan erabilitako irudi baliabideak eta hauen uztarketa direla eta. Dokumentalean hainbat irudi mota erabiltzen dira: argazkiak, egunkari eta aldizkariak, ikus-entzunezko hedabideetako irudiak (Evans-i egindako elkarrizketak, filmetako estrenoen irudiak …), Evans-en pelikuletako irudiak, Evans-ek grabatutako bideo korporatibo bat, dokumentalerako espresuki grabatutako irudiak (Evans-en etxeko sekuentzia) eta interesgarria den irudi baliabidea, Evans beraren argazki pertsonalak.

Argazkiak, pertsonalak eta beste hainbat tokitan hartutakoak nire ustetan oinarrizko baliabidea dira istorio honetan. Ekintzak garatzen diren garaian askoz errazagoa zen egoeren argazkiak izatea ikus-entzunezko irudiak baino, horregatik suposatzen dut argazki gehiago daudela.
Argazkien kateaketa dokumental honetan izugarria da, eta nahiz eta irudi finkoak izan, egileek mugimendua eta erritmoa modu bikainean lortzen dute, zoom, mugimendu edota fundidoen bidez.

Bikaintasun hau bermatuta geratzen da Evans kotxe barruan eserita ikusten den argazkian, zeinetan lehioetatik mugitzen den paisaia mugituz doa.

Irudi mota asko erabiltzen dira, baina hauen joskera, kontalariaren hitzek eta musikak jarraitasun erabatekoa ematen diote dokumentalari.

Esanguratsua da gainera, narratzailea Evans bera dela eta honek lehenengo pertsonan bere lagunen hitzak bere ahoan jartzen dituela, hau da, ez dago bere ezagunei egindako elkarrizketa zuzenen irudiak. Evans-en elkarrizketa zaharrak agertzen dira, baina Over Ahotsa daukan Evans horrek elkarrizketa horiek komentatu egiten ditu. Narratzaile bezala egiten duen lana itzela da, eta lan honi laguntzen dion musikarekin batera lortutako dramatismoa eta hunkigarritasuna erabatekoak dira.

Orokorrean, irudiek eta Evans beraren kontaketak pertsonai honen bizitzan erabat murgiltzea lortzen dute, protagonistarekin batera honi gertatutakoak bizitzera eramaten gaituelarik.

BIDEOAK 


Maitane Junguitu Dronda
Ikus-entzunezko Komunikazioa, 4. maila
31. taldea

No hay comentarios:

Publicar un comentario