viernes, 26 de noviembre de 2010

El Desencanto - Jaime Chávarri

Fitxa Teknikoa

Urtea: 1976
Herrialdea: Espainia
Zuzendaria: Jaime Chávarri
Gidoia: Jaime Chávarri
Musika: Franz Schubert
Muntaketa: Jose Salcedo
Argazkia: Teodoro Escamilla eta Juan Ruiz Anchia
Aktoreak: Felicidad Blanc, Juan Luis Panero, Leopoldo María Panero, Michi Panero
Produktorea: Elías Querejeta
Generoa: Dokumental biografikoa
Iraupena: 97’

Sinopsia

Leopoldo Panero poeta, Astorgan hil zen 1962. urtean, bere jaioterrian. Hamalau urte geroago, gertuago zituenak, Felicidad Blanc, alargunak, eta bere hiru semeek, abuztuko egun hura gogoratzen dute. Data horren menpe dagoen oroitzapena gainditu egiten dute, eta bizipenak gailentzen dira. Hitzen bitartez, eta euren arteko elkarrizketen bitartez, lotura familiarrek baldintzatuta bizi diren lau pertsona hauek haien identitateak eta desberdintasunak agerian utziko dituzte, garai horretako dekadentzia, hipokresia eta itxurakeriak azaleratuz.

Testuingurua

Dokumental biografiko hau 1976. urtean grabatu zen, Panero hil eta hamalau urte geroago, Astorgan berari omenaldia egiteko estatua bat jarri zutenean.
Espainiak garai honetan egoera berezia bizi zuen, diktaduratik atera berria baitzegoen, eta demokrazia bidean zegoen herria zelako. 1977. urterarte zentsura ofizialki desagertu ez zen arren, diktadorearen heriotzarekin batera adierazpen askatasunak aurrerapausu garrantzitsuak eman zituen, eta zine espainolak bide berriak irekitzen hasi zen.
Landismoa alde batera uzteko asmoz, zinegileek genero berriak uztartzen dituzte, beldurrezko pelikulak, destape-aren pelikulak, komedia berriak edota droga eta sexua zuzenean ukitzen dituzten pelikulak eginez.
Erregimenak Espainian utzitako dekadentzia egoera hau ezinhobeto islatzen du dokumental honek; bertan ‘familia frankista’ ren modelo izandakoaren beherakada ikusteko gai gara, familiaburuaren heriotzarekin batera honen itzalpean bizi izandakoek protagonismoa hartzen baitute, euren miseriak eta arazoak azaleratuz. 

Dokumentala

Dokumental hau itxuraren aldetik klasikoa bada ere, elkarrizketak egiteko modua azpimarratuko nuke; hauek guztiak protagonistek eurek burutzen dituzte, eta haien artean hitz egiten azaltzen badira ere, askotan euren arteko elkarrizketa zuzenak dira. Modu honetan, hainbeste urtez gordetako gaiak aurrez aurre ateratzen dizkiote batak besteari, batzuetan momentu krudelak eta delikatuak azaleratuz (Leopoldo Mariak psikiatrikoetan bizi izandakoak, sexua, drogak, aitaren irudi manipulatua, bere autoritarismoa...). Esan behar da dokumental honek zentsuraren ondorioak izan zituela, Leopoldo Mariaren inguruko atalean (gartzelan izandako esperientzia sexualak aipatzen dituenean). Izan ere, Leopoldo ez da dokumentala hasi eta ordu erdira arte agertzen; hasieran alargunaren oroitzapenek betetzen dute metrajearen gehiengoa, eta denborak aurrera joan ahala, semearen paperak garrantzia hartzen doa. Hasierako momentuan seme nagusiari, Juan Luisi ere garrantzia ematen zaio, baina azken momentuetan Leopoldo Mariak hartzen du protagonismo osoa, bereziki ama, Michi eta Leopoldo bera hizketan azaltzen direnean; momentu honetan gairik delikatuenak jorratuko dituzte, eta euren arteko liskarrak gogorrak izango dira.

Hemen daukaguna dokumental interesgarria da familia hau osatzen duten guztiak pertsona ezohikoak direlako: haien arteko harreman estuek, literaturak, ospeak, drogak eta izaera kultoak baldintzatutako pertsonaiak dauzkagu, miseriek eta arazoek bizitza latza eramatera eraman zituztenak; laurak Panero poetaren irudiaren atzean bizitzera kondenatuta egon ziren (emaztea bereziki), eta bera hil zenean, aurrera egiteko beharrak hainbat arazoetan murgildu zituen.

Hemen dokumental osoa:


Hemen Después de tantos Años, Ricardo Francok 1994. urtean egindako dokumentalaren hasiera, El Desencanto-n oinarritua; bertan Panero familaren hiru semeak azaltzen dira, ama jadanik hilda dagoela. Honetan, Michik, seme txikiak, protagonismoa irabazten du: 


Hemen ‘Un Día con Panero’ dokumentala, 2004an egindakoa; bertan Enrique Bunbury eta Carlos Ann abeslariek (urte beran poetaren hainbat testuri musika jarri eta diskoa atera zuten) Leopoldo Maria Panerorekin egun bat pasatzen dute:



Leire Alvarez Gomez
(Euskera, 1. taldea)


No hay comentarios:

Publicar un comentario